Ondare Historikoa

 

1811.eko Domu Santuen egunetik aurrera, derrigorrezkoa zen Espainian hilotzak elizetatik kanpo hilobiratzea. Kanpotik etorritako José Bonaparte errege iragankorraren asmoa, Karlos III. eta, batik bat, Karlos IV. erregeen lehenagoko xedapenei iruzur egin zien ekandu zahar eta antihigieniko bati amaiera ematea zen. Horrela ezarri ziren extraecclesiam izeneko hilerriak.


Elizetatik kanpo antolatutako horrelako nekropolien erresistentzia izugarria izan zen toki guztietan eta, nola ez, baita Euskal Herrian ere. Babesik gabetzat hartzen zituen jendeak osasunaren alorreko agintariek eta agintari zibilek aholkatzen zituzten tokiak, urrun eta aterperik gabe zeudelako.Beharrezko gertatuz gero, hilobi gisa erabiltzen ziren parrokietako atarien modukorik ere ez baitzuten edukitzen.


Arrunt bihurtzen hasi ziren, baina, XIX. Mendearen hirugarren hamarkadaz geroztik, elizetatik kanpo egiten ziren hilobiak. Atera legearen aginduak gutxi gorabehera betetzen zituzten hilerriak eratzen hasi ziran: urrunduta eta aireztatuta zeuden. Gaur egun ez dugu inolako arazorik higienearekin loturiko bi prebentzio horiek ulertu eta onartzeko baina orduan ez zen hain neurri onargarri gertatu.




Hilerriko sarrera Hilerriaren ikuspegi orokorra













 Bat baino gehiago izan ziren Bizkaian hiri berri horiek antolatzeko erabiliriko formulak, hasi aginduek ziotenari kasu eginez. Baina lurreratzeak elizetako atarietatik apenas higituta, gauzatu ziren erarik sinpleenetatik, eta legeak ziotena eta legearen berbapean zegoan gogoa ere bereganatu zutenetara arte. Tartekoa litzateke Dimako kasua; eta denentzat gertatuko zen, gainera, gustuko, zeren elizatik gehiegi urrutiratu gabe, benetan toki aireztatua izan baitzen aukeratu zuten tokia.


Tarte ireki baten, erdian geratzen den lorategi baten inguruan, zutabeen edo egurrezko oin artezen gainean dagoen lau horma-artedun sistema arkupeduna da extraecclesiam hilerrien diseinuetan ederrena. Ohiko hilerri estalkirik gabea da bestea, eta bigarren horren taldekoa da Dimako kanposantua ere.


Aurkitu direnen multzoaren barruan, hilerri topografikotzat har daiteke Dimako hau, ezaugarri nagusietako bat topografia bera duen aldetik. Eguzki aldera, bailarara begira eta maldan dagoen gune zabala da.


Terrazak osatzen ditu lurrak eta zulo erako hilobiak terraza horietan daude eginda. Sarrera eta kapera lotzen dituen eta terraza-eraketa horretan zehar joan ahal izateko eskailerak tartekatzen dituen erdiko kale batek bi erditan banatzen du kanposantua.


Ez da hori, ordea, Dimako hilerriak daukan balio bakarra, eraiki diren bi elementu nagusiek ere zeresana baitaukate arlo honetan. Beheko aldean dagoen atea edo sarbidea, eta goiko aldean eraiki zen kapera, atzean hazten den pinudi baten frondearen artean nabarmentzen delarik, zentzuen gozamenerako bide ematen duten elementuak ditugu.
Garaipen-arku ateburuduna da sarrera, pausu bakarrekoa, inguruan pilastra kuxinduradunak dituena, bai eta friso laua eta golgota mailakatu baten gaineko gurutzea ere. Dena dago kareharrizko silarri urdinez eginda, estilo neoklasiko soilean. Klasizismoaren adibide are bikainagoa dugu kapera. Aurreko aldeko fatxada, tenplu greko baten imitazioa da, ordena doriar erromatarraren tetrastiloa. Bizkaian garai bereko beste nekropoli batzuek, gaur egun desagertuta dauden Mallonakoak eta Bilboko San Frantzisko Komentuko ortukoak esate baterako, izan zuten beste batzuenaren tankerakoa.


Dimako kanposantuak badu egilerik eta Akademiako kidea zen bera, izan ere: eskualdean jardun izan zuen eta erantzukizun ertaina baino gehiagoko lanak izenpetu zituen Cristóbal de Bernaolaren lana dugu. Adibide batzuk aipatzearren, esan genezake Ubideakoari eta Otxandiokoari buruzko agirietan ere, bera ageri zaigula egile. Dimako lan honen proiektuak 1841.eko data dauka eta bai lan honi, eta bai berari zor zaizkion beste batzuei ere dagokienean, esan behar da Neoklasizismoaren korronte tradizionala zuzen interpretatzen jakin zuela, estilo horrek goxoagoa zen beste bati, Erromantizismoari alegia, bide ematen hasia zegoenean ere.