Ondare Historikoa

 

Indusi auzuneko 25. zenbakian dago Errotazar izeneko zentral hidroelektrikoa, izen bereko ibaiaren eskuineko ertzean, Dima eta Otxandio lotzen dituen errepidearekiko bidegurutzetik 1,5 bat kilometrotara. Jatorrizko instalazioen multzoa bertan dago oraindik, ura harrapatzekoak, gordailua, hodiak eta turbinak barne.


Uren aprobetxamendurako hasiera bateko emakida Flora L. de Heredia andreari eman zitzaion ebazpen bidez 1910. urtean.


Zentrala eraikitzean, berriro erabili ziren gaur egunerako inolako aztarrenik utzi ez digun errota zahar bateko hodieria hidraulikoak. Enpresen, tailerren eta argiteria publikoaren aldetik, elektraindarraren eskari handia zegoeneko une batekin batera abiatu zen martxan zentral hau. Hasiera bateko proiektuan, segundoko 120 bat litro ur aprobetxatzeko baimena eman zen, eta Ursalto, Pelotaleku, Bakonani, Arragatxi, Urzelai, Txirrinerrota, Indibertiz, Mintegiz, Landitxela eta garrantzi gutxiagoko beste batzuk izango ziren indar eragile gisa eta argitarako elektraindarra sortzeko xedeaz erabiliko ziren errekastoak. Manuel P. de Heredia jaun injineruak aurkeztu zuen proiektuaren arabera burutu ziren lanak, azkenean 1912. urtean eman zelarik lanok egiteko baimena. 1914.ean, beste baimen bat lortu zuen zentralaren ugazabak, Eunsesieta deritzon errekastotik, 125 metroko jauzian, segundoko 80 litro ur erabiltzeko bidea ematen ziona. Gaur egun ez dago bertan bistan, azken ur-jauzi horren aztarnarik.



zentral hidroelektrikoko fatxada











Hijos de Mendizabal izeneko enpresak erosi zion zentrala 1937.ean orduan titularra zen Juan Telesforo de Arteche jaunari, Durangon zeukaten eta eskualdean metalurgia arinaren alorrean garrantzitsuenetako bat zen lantegia elektraindarrez hornitzeko xedearekin. Zentral hau ez ezik, beste batzuk ere bazituen enpresa honek eskualdean barrena sakabanatuta: Argi Zentral Hidroelektrikoa Urkuleta Auzunean (Mañaria), Lanbreabe Gorbeian (Zeanuri), Errotatxu Berrizen, Etxebarrieta Iurretan eta beste bat lantegian bertan. Enpresa honek porrot egindakoan, XX. mendeko hirurogeita hamargarren hamarkadan, bertan behera utzi zuten zentrala, baina 1981. urte inguruan, eta energia berriztagarrien aprobetxamenduari buruzko legeari heldurik, abian jarri zen, eta hala dirau gaur egun ere, beste zentral batzuk ere badauzkan Minicentrales Argi izeneko enpresaren eskutik.


Bere baitan zentrala hartzen duen eraikinaren tipologia eta eskualdean dauden beste batzuen tipologia bera da. Errektangeluarra da oin-planoa, eta kanpoko aldean adreiluz eginiko inposta batek banatzen dituen bi altuera dauzka. Hormak egitean, kanpoko aldera zarpeatuta dagoen harri-hormaz dago eginda. Kofadura guztiek dituzte, ateburuan, adreiluzko xaflak.

Barruko banaketa honako hau da: goiko pisua langilearen etxebizitza izaten zen (gaur egun etxebizitza partikularra da); beheko aldea, bere aldetik, bi aretotan dago banatuta: erdikoa makinen aretoa da (bi turbina daude bertan), eta eskuineko alboan dagoena, berriz, transformadoreetarako izaten zen. Apaingarriei dagokienean, horman eta behegainean jarrita dagoen jatorrizko alikatatua nabarmentzen da makinen gelan. Joan den mendearen hasieran oso gustuko gertatzen den eta apaingarri holandarrak dituen zerrendak mereziko luke aipatzea.


J.M. Voith (Heidenheim-Alemania) markakoak dira bi turbinak, eta 1924. urteko data daukate. Pelton erakoak dira, jauzi handiko eta ubide estuko zentraletan erabiltzen zirenetarikoak. Bien artean 300 Kw-ko indarra sortzen dute, nahiz eta gehienezko indarrak, hurrenez hurren, 260 eta 80 Kw-koak diren. Gainontzeko makinak, hau da, generadorea, erregulatzaileak eta aginte-taula, 1984.enean berritu zituzten. Zentralaren kanpoko aldean uraren etorrera kontrolatzen zuten eta eskuz eragiten zitzaien antzinako erregulatzaileetako bat daukate oraindik.


Ur-bilketari dagokionean, lehenago aipatu ditugun eta Errotalde basoan dauden errekastoak erabiltzen ziren. Gehienezko emaria 80 l/seg-koa izaten zen. Ura aire zabalean eramaten zen, eta gaur egun ere eramaten da, 4.842 m dituen hormigoi hidraulikoz eginiko ubide batean barrena, mendiko biltze-guneetatik, 248 metroko altueran dagoen gordailu erregulatzaileraino. Azken eraikin horren oinplanoa trapezio baten erakoa da, eta ezpondan dagoen aurreko aldea dauka. 43 metro luze, 35 metro zabal eta 5 metro garai da; horrek 7.659 m3-ko bolumena ematen dio gutxi gorabehera. Harrihorma hidraulikoz dago eraikita, kareharri gogorrean eginiko basomozketatik ekarrita. 1,10 m-ko lodiera daukate murruek. Laguntzaile moduan, gainezkabidea eta hodieriaren haizabiderako hodia gordetzen dira.


Gordailu erregulatzailetik abiatzen da lur azpitik, burdinurtuz eginda dagoen hodieria sendotua, barruko diametroa 0,30 m-koa eta 550 m-ko luzera dituena. Bi zentimetro lodi da, eta berunez mozkoturiko junturak ditu. Bertan dagoen mailaketaren eraginez, 297,32 H.P.-ko indarra sortarazten dan hodieriaren ardatzean, eta horrek aipaturiko turbinak elikatzeko balio du.


Turbinen errotazio-mugimendua elektraindarraren generadoreetara helarazten da ardatz banaren bidez. Mendizábal enpresak zentrala ustiatzen zuen bitartean, 5 KV-ko tentsioa eragiten zuten alternadoreek, eta tentsio hori etengailu batzuetara aldatuta eta bertatik, berriz, transformadoreetara iritsita, 20 KV-tara gehitzen zen tentsioa, korronte alternoan transmititu ahal izateko. Gaur egun, alternadore asinkronoen tentsio nominala 3,80 KV-koa da, eta 13 KV-taraino igoarazten dute tentsioa Iberdrolaren elektraindar-bideekin lotzeko, linea horietara helarazten duelako zentralak, bertako ekoizpena.