Ondare Historikoa

 


Indusi Auzoa.


Dima udalerria indar hidroelektrikoari ateratzen jakin izan dion etekinari esker nabarmendu da betidanik. Horrela, XVIII. mendeko sugaletan hamazazpi errota eta bost burdinola zituela esaten zen. XIX. mendean, berriz, M. Zabalak dioskunaren arabera, hamar errota zeuden bertan, nahiz eta euretariko batzuk zentral hidroelektriko bihurtuko ziren geroago. Zamakolakoa dugu Dimako erroten artean, ale azpimarragarria eta gaurdaino bizirik irauten jakin izan duena. Indusi auzunean dago, edertasun handia eta ondare-balio interesgarria dituen bailara baten sakonean (heraldika armarriak dituzten baserriak, San Frantzisko baseliza, Zamakolako baserria).


Errektangelurantza jotzen duen oin-planoa daukan errotabaserria da. Hiru altueratan dago egituratuta, lau isurialdedun teilatu baten azpian. Arku beheratua daukan portale batean dauka sarrera. Harri-hormaz dago eraikita baserria, izkinetan eta baoen inguruetan silarriak dituela. Errotari dagozkion instalazioen egoera ezin hobeagatik gertatzen da deigarri eta esan beharra dago gaur egun ere erabilgarri dirautela instalazioak. Bere baitara errota hartzen duen eraikina arkitektura herriki neoklasikoaren adibide garbia dugu.


Ez dakigu zein den sorreraren data zehatza. Badakigu, ordea, XVIII. mendearen erdialdeaz geroztik zegoela bertan errota. 1745. urteko sugaletan Santiago Zamacolaren izenean ageri zen, eta Francisco Antonio semearen eskuetara igaroko zen urte batzuk geroago, (1795-1810).

Fatxadan dagoen oroitzapen xaflak erakusten duenez, berreraiki egin zuten multzoa 1874.ean. Jatorrizkoaren ordez dago plaka hori, eta honakoa dio: “ZAMACOLA / MIGUEL ZUBIZARRETA 1874”. Ekoizpenari dagokionean, eskualdeko errotarik garrantzitsuenetako bat izan da. Horren erakusgarri litzateke esatea 1795. urtean 1.232 errealeko errenta ematen zuela, Errotako Etxe izeneko boluak baino ez zuelarik, 1.320rekin, berak baino ekoizpen oparoagoa.




Errotaren kanpoko itxura Errotaren barruko itxura









 

XX. mendearen lehenengo herenaren amaiera aldera elektraindarra sortzeko zentrala bihurrarazi zuten eraberritzeak egin zituzten barruko aldean. Horretarako, kalapatxetariko baten ordez, transmisio uhalen bidez, generadore bati eragiten zion ardatz bat jarri zioten. Gauez baino ez, baina auzuneko 23 baserriri ematen zien argia.


Beheko solairuan dago ehotzeko aretoa eta bertan ardatz bertikala duten hiru errotarri daude. Baita iraulita dagoen enborpiramide baten tankera daukaten bi kalapatxa (erdikoa desagertu egin zen), hiru hauts-babes, duela gutxi berritu diren irinerako kutxak, errotarriak lekualdatzeko besoa, balantzak, pisuak, eta abar luze bat ere.


Kanpoko aldean aurki ditzakegu metatze eta transmisio hidraulikorako tresnak. Errotako lur azpian dago estolda, arku beheratuaren bidezko sarrera daukan eta bere baitara hiru gurpil hidroelektriko biltzen dituen tartea.


Eraikinetik 300 bat metrora dago presa, silarriz eta harrihormaz eginda, eta “grabitate zuzena” deritzon moldekoa. Zortzi metro inguruko zabalera eta bi metroko garaiera dauzka. Ibaiko urak biltzea eta burdinazko ate bati (antzina egurrezkoa izaten zen) eraginda, ubidera desbideratzea da presaren egitekoa.


Induskatu egin den ubidea da haguna, eta errotaranzko aldapa txikia dauka. Lehendabiziko tartean beheragune edo ataska txiki bat dauka soberan dagoen ura atera dadin. Hasiera batean lurrean zulatuta zegoen, besterik gabe, baina ur-ihesen ondorioz, eusteko horma txikiak eraiki zituzten hainbat tokitan. Bataz beste, 1,5 metroko zabalera dauka, eta 200 bat metroz luzatzen da.


Ubidearen amaieran aurkituko dugu baltsa edo antepara, ehoketarako eraikinari atxikita. Porlanez entokaturiko silarriz dago eginda. Indar hidraulikoaren etekin hoberako, ura atzera biltzea da beraren egitekoa. Enbor-piramide baten oin-planoa dauka, eta 80 m3 inguru bil ditzake. Maldan dago hondoa eta bertan, errotaren ondoan, ura iragateko zuloak irekitzen dira. Kanoi batzuetan zehar (txifloia), txorrotan erortzen da ura estoldan dauden burdinazko hiru gurpil hidraulikoen kontra (errudea) eginez, eta biraka jartzen ditu.


Gurpilen errotazioa goitik beherako ardatzera ere igarotzen da eta horrek, bere aldetik, errotaren barruko errotarrietara helarazten du mugimendua. Ardatz bertikala biraka aritu ahal dadin, gurpil hidraulikoak eta ardatzak osatzen duten multzoa metalezko bi atalen gainean hartzen du oinarri. Ataletako bat bertikala da,(txoria), eta alde batetik ardatzaren ertzarekin egokitzen da eta bestetik, berriz, beste atalean hartzen du oina, egurrezko kutxa bati egokitzen zaion kojinete horizontal batean hain zuzen.


Erabilitako ura atzera bideratzen da ibairantz, lurrean induskatuta dagoen hustuketarako ubide batetik. Errotaren barruko aldera itzulita, esan behar dugu ehotzeko erabiltzen diren bi errotarrietako bata garirako dela eta bestea, ordea, artorako. Harrietako batek biraka diharduen artean, besteak, lotia deritzon eta neurri berberak dituenak, tinko dirau.

Kalapatxatik sartzen diren aleak goiko harriaren pisuaren eraginez txikitzen dira eta indar zentrifugoaren bidez, kanpora jaurtitzen da ehotakoa. Errotariak harrien arteko distantzia handiago edo txikiagoa aukera dezake, ehotzen den produktua finagoa edo lakarragoa izango delarik.