Urkiola

 


Sarbidea


Zumeltzako jolas-eremua Dimako mendatearen gainean dago, BI-3543 errepideko 37. kilometroko mugarrian (Igorre eta Otxandio herriak lotzen dituen errepidea).





Zumeltza mapa 












Deskribapena

- Dimako mendatearen gainean, zelai luze eta berde bat ikusiko dugu, ormigoizko zerrenda zabal batek zeharkatutako zelaia. Antzinako aerodromoa da; joan den gerran erabiltzen zen, eta orain, baso-erabilerako hegazkin batzuek erabiltzen dute. Zelai horretan, golfeko zaletuak ibiltzen dira, euren kirolik gogokoena egiten.


- Zona nagusia, errepidearekiko paralelotara dagoena, zurezko itxiera batek (zenbait igarobiderekin) eta eremu osoan zehar dabilen erreka txiki batek mugatzen dute. Zona luzanga eta ia lau horrek gerizpe handia dauka, altzifreei eta beste zuhaitz-espezie batzuei esker (adibidez, pinua, izeia, elorria eta pagoa); gainera, errekaren ertzean ibaiertzeko landaredia dago.


- Zumeltzako Haitzuloa deritzon eremuaren zatia mendatearen goian dago, aerodromotik hurbil; eguzkitsua da eta haizetik babestuta dago, mendiko maldaren bitartez; lautada berdean dago, eta bertan, altzifre gazteak, urkiak, gorostiak eta haltz batzuk hazten dira.

 

Dantzalekuko Pagadia eta Zabalaundi Mendia (787 m)

 

Arratiako biztanleek Urkiolarako bidean erabilitako antzinako bidean, Dantzaleku mendia dago; inguru horretan erromeriak egiten ziren, San Antonio eguna igarotakoan haranerantz itzulitakoan.


Dantzalekuko pagadi motza pago zaharrek eta lodiek osatzen dute, eta, antzinatasuna kontuan hartuta, balio ekologiko handia dauka.


Basotxo horren ondoan, Zabalaundi mendia inguruko mendien gaineko begiratoki bikaina da, eta ibilbidea, berriz, ordu eta erdian egin daiteke.


Dimako mendatetik hasita, Zumeltzako Haitzuloa deritzon jolas-eremuaren ondotik doan bideari jarraituko diogu, Arkaola baserrira heldu arte GR-12 motako baliza batek Urkiolarako bidea adierazten du.

 Muinorantz doan malda gogorretik igoko gara, iratzeen artean, eta aurrean Saibiren gailurra ikusiko dugu (gailurraren gaineko harrizko gurutze ospetsua). Eskuinetara daukagun pagadirantz joan eta, horrela, Dantzalekun sartuko gara; bertan, pagoen lodierak harrituta utziko gaitu, eta horien artean gorostiak sustraitu dira.


Zabalaundira joateko, pagadia zeharkatuko dugu, koniferoen ondotik igarotzen den eskuinetarako bide zaharra hartuta. Laster, Zabalaundiren muino belartsura eta irekira iritsiko gara, Dimaren eta Abadiñoren arteko mugan, bertako mugarriek agerian jartzen dutenez.

 

Altungana (765 m)

 

Altunganara 40 minutu inguruko ibilaldi erraza egin ondoren helduko gara. Gailur horretan, altuera txikiko gailurra izan arren, Gorbeia mendilerroren panoramika ikusgarriak aurkituko ditugu, baita Urkiolako Parke Naturaleko Aramotzeko, Durangaldeko eta Arangioko mendilerroen panoramika bikainak ere.


Dimako mendatean abiatuko gara, Zumeltzako Haitzuloko eremuaren sarreraren aurreko bideari jarraituz, eta bide hori Barazar mendatera doa. Legarrezko bideak lasai-lasai eramango gaitu konifero-espezie desberdinen, gorosti batzuen eta zenbait pagoren artetik.


Gaztainondoen birlandaketa txiki baten ostean, bideak bi bihurgune zabal egiten ditu, eta bigarrenean basoko bide hori utziko dugu.


Gorago, Zeanuriko lurretatik joanez (harrizko eta zementuzko mugarriekin mugaturiko lurrak), Altunagaraino iritsiko gara zelai berdeak zeharkatuz, eta bertan gailur bi daude.


Arratiako eskualdearen barruko Ugarana Dima udalerri barreiatuaren hiriburua da. Bi mendilerroren babesean dago: Legarmendi mendilerroa eta Illunbe nahiz Urrekoatxa, eta horiek izaera berezia ematen diote haranari.


Merezi du hango auzo politak eta ondo kontserbatuak bisitatzea (esate baterako, Oba, Artaun, Bargondia, Indusi); halaber, txoko ikusgarriak ere aurkituko ditugu, adibidez, Jentilzubi deritzon arku naturala, Baltzolako haitzuloak eta Belatxikietako Galdara; historia garrantzitsuko eraikinak ere badaude, esaterako, San Pedroren eliza (XVIII. mendea) eta Pietatearen baseliza (udalerriko monumentu-ondarearen barruko elementu garrantzitsua), eta horren harlanduzko fatxadan burdina forjatuzko sare barrokoa nagusitzen da. Ugarana auzoan ikusiko ditugu bi eraikinok.